San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko koordinakundearen prentsaurrekoa

Gaur goizean koordinakundeak prentsaurrekoa eman du Mariaren Bihotzeko plazan Bilboko udalak inposatu nahi duen erkidego plana arbuiatzeko, era berean biztanleria gonbidatu nahi izan dute zapatuan ospatu behar dan arrozen munduko 9. ediziora.

Valoracion Plan 2012-2016 – Rueda prensa – Castellano.pdf

Valoracion Plan 2012-2016 – Rueda prensa – Euskaraz.pdf

Hemen egin duten balorazioa hitzez hitz:

“Koordinakundeak ez du babesten Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako 2012-2016 erkidegoko plana”

Sarrera:

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, auzoan esku hartzeko plan berezi bi burutu ditu, 1999. urtetik 2009. urtera, hain zuzen. Hauexek amaitu ostean, auzoko egoerak berak eta auzokideok bere garaian behar zuten, eta oraindik ere behar eta nahi duten, parte hartzeari buruzko plangintza osorik ez dago, ez eremu sozialean, ez ekonomikoan, ez hirigintzakoan. Urte bi iragan behar izan dira udalak azkeneko proposamena aurkez diezagun, eta oraingoan, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte hartzerik ez dago.
Gure auzoak alde batera uzteko dagoen joerarekin behin betikoz amaitzeko ez dute balio izan 2009. urtera arte izandako esku hartzeek. Eta gaur egun, arazoak oraindik bere horretan dirau, eta zenbait kasutan areagotu egin da, oraingo krisialdi ekonomikoaren eta sozialaren testuingurua dela medio. Kezkatuta gaude gure auzoetako lagun asko gero eta eskasia nabarmenagoaren eta gizarte bazterketa handiagoaren biktima delako, oinarrizko beharrizanak (elikadura, etxebizitza, enplegua…) betetzeko orduan barne. Beraz, udalak aurkeztu berri duen plan berriaren aurrean honako hau adierazi nahi dugu:

Koordinakundeak ez du babesten Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako erkidegoko plana

Ikuspegi oker-okerra du planak: jorratu beharreko arazo nagusia elkarbizitzak dakartzan arazoak, liskarrak, delinkuentzia… direlakoan egotea guztiz okerra da. Gure auzoetako elkarbizitzaren zailtasuna (ukatu ezin dena), ordea, gizarte bazterketa oinarri duen arazo larriaren ondorioa da; eta horixe bera da, hain zuzen, konpondu beharreko afera, beti ere gure auzoek eta auzokideok merezi duten duintasuna eta behar duten bizitza kalitatea, denok armonian biziz, gu guztion eskura jarrai nahi badugu. Beraz, pairatzen dugun arazoa ez da jokabidea bera, egiturazkoa baizik; eta ondorioz, ardura nagusia ez dagokio komunitateari, instituzio publikoari baizik. Hori dela eta, konpromisoa eta tresna politikoak behar ditugu, honako egoera hauekin behingoz amaitzeko:

  • Langabezia tasa altuegia, non gure auzoetan gainontzekoetan baino larriagoa den.
  • Udalak gero eta arreta eta laguntza gutxiago ematea oinarrizko beharrizanen aurrean.
  • Gizartea parte hartzeko esparruan lanean urteak eta urteak daramatzan elkarteei eta erakundeei ezarritako murrizketak, bai baliabideetan, bai zerbitzuetan, bai aurrekontuetan.
  •  Enplegua bermatuko duten prestakuntza-baliabideak izateko aukera eza.
  •  Miribillako eskola publikoa baztertzeko jarrera, gizarteratzeko politika instituzionalak ez direla medio.
  • Hirigintzako politikak; etxe zaharrak eraberritu beharrean, etxe berriak eraikitzea sustatzen dute eta.
  •  Prestakuntzarako esparruak ekarriko dituen talka edo jarduteko planaren eza, denbora luzez langabezian dihar duten lagunok lan merkatuan sar daitezen.
  • Arestian aipatutakoa eraldatzeko ikuspegi politikoaren eza.

Eztabaidagarri da oso auzokideen parte-hartzean oinarrituko gizarte legitimazioa. Parte hartze hori mugatua eta gainazalezkoa da. Parte hartu zuten lagun guztien proposamen aniztasuna ez da kontuan hartu.

Hasiera batean instituzioen arteko planak zirenak udal eskumeneko plana bilakatu da, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza alde batera utziz. Antza denez, erakunde hauen borondate politikoaren eta dauzkaten baliabide ekonomikoren araberako neurri izan da.

Eraldatzeari begirako jardute berririk ez da proposatzen. Planari loturiko aurrekontua udal arlo ezberdinek auzoetan egiten dituzten gastuen batuketa baino ez da. Eta gastu horien barruan, askotan ere, auzoetarako bakarrik zuzenduta ez dauden jarduteei loturiko gastuak edota 5. barrutiari edo hiri osoari dagozkienak ere sartzen dituzte

Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Taldeen Koordinakundeak ondoko oinarriak proposatzen ditu, gure auzuneak zaharberritzeko politika errealari begira:

Hiria garatzea helburu duen proiektuari etengabe lotuta egon behar da gure auzoen eraberritzea, pertsonak oinarritzat hartuta eta herritarrok proiektuaren barne egonda. Gure inguruko arazoak garapen eredu zehatz batetik datoz, eta nolabait, hiriko arazoak dira. Hortaz, hiri-proiektu baten barruan txertaturiko konponbide orokorrak eta globalak behar ditugu, auzune eta auzokide guztien ongizatea bilatzen dituenak, eta bereziki, gureak bezalako auzo baztertuak eta kaltetuak eraldatzea bilatzen dutenak. Hori dela eta, borondate politikoa nahikoa egon behar da, zertarako eta, gure auzoetan beharrezko den esku hartzea hiri osoaren ikuspegitik gauzatzeko.

Plan berriaren oinarriak komunitate izaera izan behar du. Hau da, plana auzoetatik, auzoetan, auzoentzat eta auzoekin (eta auzokideekin) egin behar da. Ez da ezer egin behar auzoen interes eta beharrizanetatik kanpo. Horregatik, komunitateak planaren fase guztietan parte hartu behar du: diagnostikoan, identifikazioan, ezarpenean, jarraipenean eta ebaluazioan. Beraz, komunitatea ez litzateke egitura politiko eta tekniko bateko gonbidatu hutsa, baizik eta ekonomi, hiri eta gizarte inguruneko errehabilitazioaren motor eta protagonista.

Beraz, plan parte hartzailea izan behar du. Zonan esku hartzen duten eragile guztiei, hau da, auzotarrei, gizarte elkarteei, merkatariei, instituzioei (teknikariak eta politikariak) eta komunitatearen baliabide eta zerbitzuei (eskola, osasun zentroa etab) benetako parte hartzerako espazioa bermatu behar zaie, beren kezka eta proposamenak kontuan hartzen dituena, planaren funtsezko alderdietan erabakitzeko eskubidea erabiltzeko. Hartara, behar diren parte hartze eremuak artikulatuko dira, pertsona eta eragile guztien errealitateari egokituak, espazio politiko tekniko eta sozial independenteen artean bereizketarik egin gabe.

Gure auzoetan dauden arazo larri eta konplexuei aurre egiteko, plana integrala izan behar da, arazoak eta ekintzak zatikatzen ez dituena. Integrala diogunean esku hartzearen ikuspegi orokorra esan nahi dugu, alderdi guztiak barnean hartuz: gizartekoak, hirigintzakoak, enplegukoak eta toki garapenekoak, hezkuntzakoak, osasunekoak etab. Alderdi guztiak erlazionatu behar dira eta, gainera, zeharretako beste ideia batzuk sartu behar dira: gizarteratzea, genero berdintasuna, kultur artekotasuna etab.

Planaren azken helburua gure auzoetan bizi diren pertsonen eta harreman, ekonomi eta hiri inguruneko bizi-kalitatea hobetzea izan behar da. Beraz, garapena pertsonengan zentratzen da. Herritar aktibo diren aldetik, beren ingurune hurbilaren eraikuntzan beren gaitasun eta ahalmenak handitzea bultzatu behar du. Garapen hori endogenoa izan behar da erabat, hemen bertan dauden errealitate positiboetatik eta potentzialitateetatik abiatzen dena alegia, auzoetatik kanpoko ekimenen inportazioari lehentasuna eman gabe.

Instituzioen eskumenen banaketak eta dauden arazoek eskatzen dute planteamendua eta ekintzak instituzioen artekoak izan daitezela. Bai instituzio bakoitzaren barruan, bai hiru maila instituzionaletan, etengabeko koordinazioa egon behar da eta irizpide eta helburuak konpartitu behar dira.

Planak baliabide ekonomiko eta tekniko nahikoak eta zehatzak eduki behar ditu. Planaren eta komunitatearen zerbitzutan egon behar dira; horregatik, komunitateak parte hartu behar du baliabideak aukeratzeko irizpideak prestatzean.

Proposamenak eta premiazko neurriak

Harro egoteko auzoa nahi dugu. Jatorritik harago ETORKIZUNEKO BILBOrantz erakusbide izan dadin. Bere historia, berezitasun eta ezaugarri propioetatik, ez dadin albora geratu, baizik eta HIRIKO GAINERAKOEKIN BATERA, baldintza berdinekin, OSO BAT OSATU ETA ELKARREKIN LAN EGIN DEZAN nahi dugu.
Auzo ERAGINKORRA, DINAMIKOA, BATERATZAILEA ETA SOLIDARIOA nahi dugu. Non, ezaguera, harremanak eta pertsona guztien arteko begiramena indartuko diren. Non, ANIZTASUNAK ETA KULTUREN ARTEKO HARREMANEK ematen diguten aberastasun handiaren balioa erakutsiko den.
Auzo bat non, oinarrizko eskubideak sendotzeko eta bizi-baldintza duinagoak edukitzeko, BAI GIZON BAI EMAKUME GUZTIEK (egoera administratiboa edo arrazoi etnikoengatik baztertu gabe), auzoko gizarte zerbitzuek ziurtatuta, behar dituzten baliabideekin kontatuko duten. Non, ZOKORATZE ETA GIZARTE BAZTERTZE EGOERAK ERAUZTEKO ahaleginak egingo diren.
Auzo bat non, kale eta plaza, BIZITZEKO ETA ADIERAZPEN ASKERAKO leku izango diren. Jendarteko, indarkeriarik gabeko, narkotrafikorik gabeko, estatu polizialik eta kamerarik gabeko esparru publikoa izango diren. Non, lehentasuna, PREBENTZIOARI, ETA EZ ZIGORRARI emango zaion.
Auzo bat non, HEZIKETA FORMALA ETA EZ-FORMALA ETORKIZUNEKO APUSTU NAGUSIA IZANGO DIREN. Non, eskola, esparru bateratzailea, euskaratzailea eta kulturen artekoa bilakatuko den. Non, kalea, bazterketa arriskuan dauden taldeei eta gazteei begira batez ere, elkarren arteko bizitzarako, aisia hezitzaile eta osasuntsurako lekua izango den.
Auzo bat non, SALEROSKETA TXIKIA ETA GIZARTE EKONOMIA bultzatuko diren. Non, enplegurako formazioa bultzaraziko den, eta non, zerbitzu publiko eta kontratetan LANIK GABEKO AUZOKIDEEN KONTRATATZEKO KLAUSULAK EZARRIKO DIREN.
Auzo bat non, kultur jarduera, auzoAREKIN, auzoARENTZAT, auzoAK BERAK, eta auzoTIK pentsatutakoa izango den, eta ez, batez ere auzoAN pentsatuz programatua. Non, auzotarren konplizitatea eta parte hartzea bilatuko diren. Eta auzoaren IRUDI BAIKORRA ETA JASOTZAILEA, ez iraintzailea,zabaltzen lagunduko den.

Inork alde egin beharrik izango ez duen auzoa, ETXEBIZITZA EGOKIA duelako, non diru arazoengatik, etxe gabetzeari eta kalera botatzeari aurre egingo zaien.
INDARKERIA MATXISTARI aurre egingo dion auzoa.
GIZARTE KOMUNITARIORAKO GARAPEN EGITASMOA izango duen auzoa nahi dugu. Badagoen ASOZIAZIO OIHAL ANITZ ETA ABERATSEAN oinarrituko eta babestuko dena. Non, erakundeek errealitatea aldatzeko bidean indar gerta daitezkeen gizarte ekimenak babestuko dituzten.

Koordinakundearen konpromisoa

Horiek dira gure proposamenak, eta horregatik ez gaude ados udalak gure auzoentzat egin duen planarekin. Halere, urte luzeetan egin dugun bezalaxe, gure auzoen gizarte eraldaketaren alde konprometiturik eta lanean jarraitzen dugu. Lan horretan, pertsonen bizi-baldintzak hobetzeak lehentasuna du. Elkartegintza bultzatzen jarraituko dugu, gizarte parte hartzeko eta kultur arteko bizikidetzako espazioak eraikiz, dinamismo soziokultural propioak indartuz, eta gizarte bazterketa salatuz eta hura desagerrarazteko lan eginez.
Adibidez, ekainaren bederatzian MUNDUKO ARROZAK jaialdia ospatuko dugu Mariaren Bihotzaren Plazan. Ekitaldi hau pertsona guztiak (edozein jatorri izanik ere) auzoan integratzeko lanean ari diren hainbat elkartek autokudeatzen dute.
Nahi genuke koordinakundeak epe motzean udalaren esku hartze planak babestu ahal izatea, bestelako balizko auzoak IRUDIKATZEAN oinarrituak; horrek esan nahiko luke auzokide guztiek beren oinarrizko beharrizanak aserik dituztela. Gaur egun, ordea, ez dago IRUDIKATZEKO astirik. Aurrean dugun eta eraldatu nahi dugun errealitatea latza da eta GIZARTE BAZTERKETA leuntzen duen txoke-plana eskatzen du.

2012ko ekainean
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako
Taldeen Koordinakundeak
Coordinadora de Grupos
de Bilbao la Vieja, San Francisco y Zabala

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s