ESPETXETIK GUTUNA

espetxetik_gutuna

Ibon auzoko lagunak kartzelan beraien egoeraren berri ematen duen gutunaren baten atal bat bidali digute (eskerrik asko), niri behintzat kriston polita iruditu zait, ona hemen:

Duela ez horrenbeste (zer da “ez horrenbeste” espetxeko denboran?), Villepinteko espetxeko ziegan nengoela, “Txalaparta” irratsaioan emanaldi oso hunkigarria entzun nuen. Estatu espainolean kartzelan egondako bi kideen elkarrizketa.
Bitxia da nola halako gauzak entzutean edota espetxeetan idatzitakoak irakurrita, sakon-sakonean sentitzen den sekulan ziegan egon ez denak ezingo duela inoiz hor kontatutakoaren funtsa ulertu… eta aldi berean, zein amankomun edo konpartituak diren presoon bizipen eta sentimenduak.

Bi preso ohi horietako batek, modu oso hunkigarrian azaltzen zuen espetxean asteak, hilabeteak edota urteak, hamarkada inkluso, “azkar” pasatzen direla, “ziztu bizian”…
…Luzeak, bukaezinak eta bete ezinezkoak egunak direla, egunak eta orduak.

Horrekin batera, espetxeen txikikerietaz aritu ziren modu oso berezian, -niretzako hunkigarrian-. Berezian diot, primeran azaldu zutelako presoontzako, eguneroko ñimiñokeriek zer nolako mundu bola osatzen duten espetxeko eguneroko limitearen ertzean.
Gaur bertan, 2012ko martxoak 10ean, horixe bera azaltzen zidan Rubenek Villefranche sur Saôneko patioan eta zozokeria batengatik atzo eduki zuen ikaragarrizko “beroaldia”, berak bakarrik, bere ziegan eta espetxe-matoi-etsaiaren aurka, jakina.

Hau da gaia.
Hau eta behin beste kide batek kontatu zidana.
Jatetxe batera zoaz eta goxo jaten duzu. Txukuna da guztia. Agian umil eta sinplea, baina aldi berean zaindua; edota ikaragarri ponpoxoa, baina azken finean dotorezia horrek ez dauka garrantzirik…
Komunera zoaz pixa egitera edo eskuak garbitzera eta komunak emango dizu jatetxearen ikuspegi borobila.
Komuna zikina eta zaindu gabea badago, nahiz eta jatetxea ponpoxo eta itxurusoa izan, ez zara horra, jatetxe horretara itzuliko. Hor komunean jasotako inpresioa geldituko zaizu. Komunaren egoera horrek emango dizu jatetxeari buruzko iritzia borobilduko (edo karraskatuko) duena.
Aldiz, jatetxe xumea izan arren, eta komuna ere halakoa, baina garbi eta zaindua badago, gordeko duzun inpresioa baikorra eta atsegina izango da.

Komentario adimentsu horrekin, espetxeen irudira pasatu zen kidea:
<< Espetxeak gizarteen komunak dira, jatetxeetan komuna dena, gizarteetan, espetxeak >>
Soberan dago hain borobila den ideia hau garatzen saiatzea.

Txalaparta irratsaioko kide preso ohi hauek euren pasadizoak kontatu zituzten. Horietako bat bost urtez isolatua egon zela, ia inorekin hitz egin gabe, gizasemerik apenas ikusi gabe… eta jakina, psikiatrarenean bukatu zuela azaldu zuen.
Bertan, psikiatrak ea “haurtzaroko zeintzuk traumak” zituen galdeduz ikertzen hasi zela… kideak, bost urte zeramala isolatua eta matoiek ia egunero puteatua mantendu zutela azaltzen saiatzen zen bitartean… psikiatrak, ezentzunarena egin ziola kontatu zuen irratsaioko elkarrizketan.

Urte horietan, garai gogorrenetan, bizpahiru astero aldatzen zutela ziegaz ere kontatu zuen. Ziega aldaketa zer den dakigunok guztia esana dago horrek holako higadura suposatzen duen ulertzeko.
Zaila hori lerro gutxitan azaltzea.
…eta hain zuzen ere hori litzateke kontaketa honen asmoetako bat… behintzat horren gutxi-gora-beherako irudia ematea…
Kidea beraz, etengabe ziegaz aldatuz, atzera eta aurrera zenbiltzaten, baina gainera, beti eramaten zutela ziegarik zikinenera kontatu zuen modu oso hunkigarrian. Pareta eta lurretik odol isuri ikaragarriak, bomitoak, isuri nazkagarri deskribaezinak han eta hemen… eta komunak, komunen egoerak total deskomunalak izaten zirela (erredundantzia da?!)
Ziega apenas dezente jartzen zuenerako, beste ziega nazkagarri batera eramaten zuten.
Eta berriz zerotik hasi.
Halako baten, kableak gurutzatu zitzaizkion. Eta horren moduko hamaikagarren aldaketan, komuneko tapa desmuntatu eta jada garbi zegoenez, besapean eraman zuen.
Txakurrek, jakina, ezetz; komuneko tapa bertan gelditu behar zela, ziegan utzi behar zuela.
Kideak, komuneko taparen begitik besoa sartu, bigarren besoa ere… eta gorputza… eta flotagailua balitz bezala, horri eutsi zion.
Zetorkiona ezaguna zuen jada: jipoia, isolamendu hertsiagoa, bisitetan oztopoak… baina dena den, kidea komuneko tapa eta begiari lotuta, jo ta fuego.

Barre egiten nuen hori entzutean. Barre urduria agian. Malkoen arteko barrea. Egi sakonak erdi disimulatzeko tankerako barre zozoa.
Ze hori gu gara.

Irratsaioan ere kideak barre egiten zuen. Nola demontre azaldu etxekoei, kalekoei, komunikabideei, komuneko tapa gordetzeko borrokaldian zegoela, ez zuela inolaz ere amore emango… KOMUNEKO TAPAREN ALDARRIKAPENARI!
Eta ez zuen amore eman. Medaila erraldoi baten moduan, ziegarik ziega, burutik sartua edo besapean eraman zuen ditxosozko tapa urterik urtera, ziegarik ziegara.
Kriston garaipena.
Nik total ulertzen dut, malkoak datozkit begietara hau idaztean.

Hemen, Villefranche-sur-Saônen ez dago tapa-begirik komunean.
Lehengo egunean <kantina erosketa berezietan> artikulu hori eskatu behar genuela komentazen geneuen leihotik leihora Ruben eta biok.
<< Nola esaten da komuneko tapa frantsesez? >> galdetu zidan kideak barrote eta burnizko hesiaz haratago zegoen bere leihotik.
<< ´Couvercle-lunette de toilette´esango nuke nik >> erantzun niion.

Eta argia piztu zitzaidan… << lunette >>. Euskaraz, << begia >> edo << begi-zuloa >> ? agian << monokuloa >> edo << betaurrekoa >> ?

Ideia << luneta >>rena da. Hau da, gauzak ikusteko erabiltzen den tresna hori.

Eta komuna.
Kidea, borrokan zebilena, “lunetatik” alde batera edo bestera begiratzen.
Kanpotik barrura eta barrutik kanpora. Borrokan dela, kideak burua sartuko du lunetan alde batetik edo bestetik eta horretan konturatuko da ikusmira erabat aldatzen dela.

Ipuin edo kontaketa -laburmetraia agian-, tono umoretsuan idatzi nahiko nuke. Tragikomikoa derrigorrez, baina barre egitekoa.

Egoeraren xelebretsaunarekin. Kidearen sorpresarekin ohartzean nola aldatzen den ere pertzepzioa “lunetarekin” begiratzen duenean matoia, espetxea, gutunak, aldizkariak edo egin berri duen gorotza…

Zeren eta… espetxea bada gizartearen komuna… zer izan daiteke espetxe zakarreko ziegan dagoen komuna?!

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s