Ibonek bidalitako azkenengo eskutitza (Fleury D2)

espetxeak-apurtu12014.eko martxoaren 13a, Fleury-Mérogiseko espetxetik, Euskal Herria bihotzean.

Kaixo,

“Gure esku” ekimenarekin lotuta euskal preso politikook ere bertan egoteko asmoarekin eginiko eskulan eta proposamenarekin batera gutun honen bidez nire egoeraren berri helaraztea pentsatu dut.

Beste burkide presoekin batera konturatu gara gure herri edo auzoekiko komunikazio eta informazio harremana eskasa eta sarritan hutsa dela, beraz tarte hori betetzera nator neure esku eta ekimen propiotik.

Zuetako gazteenak ez nauzue ezagutuko aspaldiko partetik daramadalako herritik kanpo.

“Hamasei urte” azkar esandako bi hitz dira tarte hain luzerako, eta aldi berean di-da batean joan zaiguna.

Ez da hau tokia ezta garaia ere sasitan ibiliaz luzatzeko. Ekarriko ditugu horretarako ere egunak…
Geroztik, egun hauetan hain zuzen, lau urte beteko ditut bahiturik espetxe frantsesetan Frantziar estatuko Behe-Normandia aldean beste bi burkideekin, Beinat Aginagalde Ugartemendia eta Jose Lorenzo Aiestaran Legorbururekin -Fanekas- atxilotuak izan ginenetik.

Ordutik, behin bakarrik ikusi ahal izan dut barrotartetik eta azkar batean Fanekas, Pariseko “Palais de Justice” delako ziegetako pasilloetan gurutzatu izanagatik. Gaur egun, bai Fanekas zein Beinat, espainol espetxeetan gordetzen dituzte bahiturik.

Hasieran Villepinteko espetxean jarri ninduten beste bost kiderekin. Lagun hauek joan etorri -horiek mugitu beste batzuk ekarri-, bi urte -borobil- eduki ninduten bertan (Villepinte Parisetik gertu dagoen espetxea da).
Espetxe barneko gure eskubideen aldeko borroken gora-beherak zirela, bertan izandako batzuk, “zigortuak” izan ginen. Besteak beste, Ander Mujika Andonegi, Moulins eta gero Bourg-en-Bresseko (Suizako mugatik gertu) puntara eramana izan zena (oraintxe bertan isolaturik eta bakardadean protesta gogorrean sarturik dagoena).
Nire kasuan ere, Lyonetik gertu dagoen Villefranche-sur-Saônera eraman ninduten “neurri disziplinario” moduan; alegia, zigortua.

Sarraski espetxe horretan, lehen egunetik nirekin eraman zuten Ruben Ribero Kanpo eta beranduago, Anderren anaia (kasualitatea?!), Julen Mujika Andonegiri argi eta garbi bota zigun zuzendariak bere bulegoan: “hemen edo menperatu edo suntsitu egingo zaituztegu” izan zen harrerako esaldi borobila.

Villefranche-sur-Saônen egondako urte osoa, egunez eguneko borroka etengabea izan zen. Gogor eta bortitza izan arren, aldi berean emankorra ere egin zitzaiguna borroka ikaspen eta esperientzietan.

Hirugarren urtea betetzera nindoalarik sasi-epaiketa baterako garaia iritsi eta Villefranche-sur-Saôneko espetxeak bistatik kendu nahi gintuelako ere -garatutako etengabeko borrokaren eraginagatik!-, Paris aldera ekarri ninduten (beste bi kideak, Julen eta Ruben, Toulouse aldeko Seyssesera eraman zituzten).

Pariseko Fleury-Mérogis espetxera iritsi eta aste betera hasi zuten “Cour d’Assise” berezian sasi-epaiketa (Audiencia Nacional espainolari konpara daitekeen epaimahai berezian) E.T.A.ko sei militanteen aurkako sasi-epaiketa, Capbretonen bi guardiazibilen heriotza epaitu asmoarekin.

Hilabete osoa iraun zuen epaiketa horretan sasi-epaituriko bi kideen aurka bizi osorako bahiketa “erabaki” zuen frantses botereak eta hirugarren kide baten aurkako urte mordoa. Nire kontra zazpi urteko espetxe zigorra adierazi zuten sasi-epaileek.
Ordutik, Fleury Mérogiseko bigarren “batimenduan” naukate (D2). Oraintxe bertan lau euskal preso politiko gaude hemen, horietako batzuk sasi-epaituak dagoeneko, beraz, edonoiz trasferituak (kartzelaz aldatuak) izateko zorian.
Nire kasuan, bi “dossier” (sumario) ditut oraindik irekiak. Biak “Cour d’Assise spéciale” delako instantzian (alegia Frantses estatuko epaitegi “gorenenean”).

Lehen sumarioa “errebeldian” epaitutako kausa da, zazpi urteko zigorrarekin “zigortu” nindutela 2004ean; Frantzian ohi denez, atxilotua izatean horrelako kausak berriz epaitu behar izaten dira. Bere garaian “Cour d’Assise Spéciale” delakoan sasi-epaitu zutenez kausa hau, orain ere, instantzia berdinetik pasarazi behar naute nahiz eta dosierra oso oso eskasa izan (epaitu zutenean beste kausa “potoloagoekin” sartu gintuzten horrela Zigor Garro kidea eta biok).
Bigarren sumarioa, “atxiloketarena” da (alegia, atxiloketa gertatzen denean zabaltzen duena poliziak). Hasieran Beinat eta Fanekasekin egin behar zigutena, baina denbora joan ahala, frantses instrukzio epaileak” zatitu” egin zuena. Beinat eta Fanekas alde batetik “Tribunal Correctionnel” (“behe” mailako epaitegia) delakoan epaitzeko eta ni, bakarrik, berriz ere “Cour d’Assise Spéciale”tik pasa arazteko.

Sumario hau, duela gutxi “itxia” izan da eta sasi-epaiketaren data, printzipioz, datorren abendurako (2014) jarri dute.
Gauzak dauden moduan, bi aldiz pasa arazi nahi naute “Cour d’Assise” berezia delakotik, baina gure abokatuek bi sumarioek batean “fusionatzea” eskatuko dute.

Beraz litekeena da abenduko epaiketa moldatzea edota beste data batera pasatzea.

Hau, frantsesen segimendu judizialari dagokionez.

Fleury Mérogiseko espetxeari eta espetxealdiari buruzko aipamen “tekniko” batzuk…

Momentu honetan lau kide gaude batimendu honetan (D2). Batimendu edo modulo bakoitza, espetxe baten modukoa da (800-900 bat preso) eta guztira, bost modulo daude (horietako bat erreberritzen egonik, hutsik).

Gizonezkoen Europako espetxerik handiena da hau, 4.500 bat presoentzako kapazitatearekin.
Hemen, nahiko gertu, (leihotik ikus dezaket urrunean!) emakumezkoen espetxea ere badago, gizonezkoen espetxearen ondoan, baina beste eremu propio batean.

Lau kideak -bakarka ziegan bakoitzean-, elkarren ondoan kokaturik dauden ziegetan gaude.

Leihotik (barroteak eta metalezko sare itxia dutenak) hitz egin dezakegu elkarrekin. Patio orduetan ere elkarrekin gaude eta, duela gutxitik, beste “aktibitateetan” ere elkarrekin ateratzen gaituzte.

Egunean patio txanda bakarra daukagu, bi ordukoa, edo goiz edo arratsaldez. Goizeko bederatzietatik hamaiketara edo, arratsaldean denean (txandaka egun batetik bestera) hiruretatik bostetara.

Gainontzeko denbora osoa ziegan itxiak gaude, goizeko txanda eta gero, hurrengo eguneko arratsaldeko hirurak arte, 28 ordu ziega barruan (otorduetan ere atera gabe, jakina).

Astean behin bi orduko “kirol” aktibitatea daukagu eta futbol zelai zelaira joateko aukera daukagu… “aktibitate” hau suspenditzen ez dutenean! (oso maiz gertatzen dena). Baita astean behin ordu eta erdiko “muskulazioa”, gimnasiotxo-gelatxo batean.

Aleatorioki, liburutegira joateko aukera edukitzen dugu… edozein momentu da ona ziegatik atera eta kideekin egoteko…
Gainontzeko “aktibitateak” (kulturalak…) oso salbuespenekoak dira Fleuryn (urtean behin edo bitan asko jota).
Ziegaren marrazkiak edota patioa ziegatik nola ikusten den bidali izan diet etxekoei… (eskatu, hau “ilustratzeko”).
Gutako batzuk ordenagailua daukagu ziegan, muga tekniko dezenteekin, jakina (USB konexiorik ez, internet eta halakorik ere ez noski, ezta CD grabatzerik ere…). Daukagun “eskubide” bakarra dokumentuak paperean inprimatzea da (eta ez da gutxi!).
Telebista ere badugu (ordaindua; “alokatua”), irratia eta liburuak.

Idatzizko komunikazioak mugagabeak dira, nahiz eta kontrola medio, posta heltzeko epeak hiruzpalau astekoak diren (edo gehiago; sumarioak itxita, teorian, epe horiek laburtu beharko lirateke!). Argazkiak edo inprimakiak ere inolako arazorik gabe (kontrola kenduta) pasatzen dira.

Telefono deiak egiteko eskubidea ere badugu (zenbaki zehatz eta mugatuetara -senitartekoei, abokatuei-), baina pasilloan dagoen “kabinara” iristeko turnoko txotxoloarekin (matoia) adostu behar dugu. Orokorrean, Fleuryn, ez dago arazo gehiegirik telefonoz deitzeko…

Bisiten kontuarekin ETENGABE gabiltza ARAZOEKIN.

Hilabetean hiru bisita “luze” (ordu bat eta hamar minutukoa) ditugu eta hauek egun jakinetan. Gainontzeko bisitak ordu erdikoak dira (nahi izan ezkero beste bi asteko egun batzuetan).

Bisita baimenak sasi-epaileek ematen dituzte eta “fijoak” dira, alegia, ez dira sei hilabetero edo dena dela, erreberritzen. Bisita baimenen kopurua oso aldakorra da preso batetik bestera, nire kasuan, matraka ederra emanez -etxekoei esker!- zerrenda “polita” daukat famili eta lagunez osatua.

Bisitak (luze edo laburrak, berdin) kabinatxo batean dira. Kanpoko hiru bisitari sar daitezke asko jota. Horrela denean, justu justu sartzen gara laurok kabinatxoan. Elkarren ondoan gaude, ez mahai ez kristalik… eta kontaktoak ere -txotxoloen arabera-, “onartuak” daude… “dezentzia” urratzen ez duten bitartean. Alegia, maitasun keinu edo igurtziak oso mugatuak (debekatuak!) daude.

Bisita bakoitzaren aurretik katxeoa egiten digute (palpazioa) eta arku detektatzailetik pasatu. Bisita bitartean, kabinaren bi aldeetan dauden leihodun ateetatik zelatan egoten dira txakur-txotxoloak joan etorrietan.

Bisita eta gero, sistematikoki “fouille à corps” egiten digute, hau da, osoki biluztarazi eta arropa miatu eta gorputz biluziaren miaketa “bisuala”. Prozedura hau ilegala izan arren, txakur batzuk (batik bat azken boladan!) oldartu egiten dira eta biluzketaz gain “posizioak” hartzeko agintzen gaituzte. Halakoak direla eta, gehiegikeria hauen aurrean planto egiten dugunez, duela gutxi D3 moduluko kidea mitarrean (zigor ziega) egon da aste bete eta gutako batzuk enfrentamendu berbal bortitzak eduki ditugu (momentuz “zigorrik” ez, nahiz eta kasu baten baten eskuetara pasatzeko zorian egon garen).
Horretaz gain, txakur-txotxoloek (matoiek) badakite bisitak une “bereziak” direla preso guztientzako eta bereziki euskaldunontzako (lagun-senideak urrutitik datozelako besteak beste) eta bertan probokatzen dizkigute hainbat arazo (ez dira bizpahiru aste pasatzen “mobida” potoloa eduki gabe).

Hemen ez dago beste ezer, ez “bisita intimorik” edo beste edozelako bisita motarik.
Bisitarekin, arropa sartu daiteke, nahi beste (preso arruntek arropa paketea ateratzen dute, ondoren garbia sartzeko) kolore eta “modelo” batzuk kenduta.

Astean hiru liburu edo hiru CD sar daitezke. Honetan ere, txotxoloaren txakurkeriaren arabera legez kanpoko zentsura probokatzaileak egiten dituzte (eta ondorioz, “mobida” izaten dugu).

Astean behin, “Txalaparta” irrati saioa entzuten dugu, astearte iluntzeetan. Bertan herriko berri baten batzuk eta egun horretako Info7ko albistegia jasotzen dugu. Baita etxeko batzuen deiak.
Euskal herriko egunkariak ere postaz jasotzen ditugu, “Gara” eta “Berriak”, lau-bost (edo batzuetan askoz gehiagoko) eguneko atzerapenarekin bada ere, lau bost egunkariz osaturiko “paketeka” (atzeratuak akumulaturik).

Atal honekin bukatzeko, aipatu guzti hauek “Maison d’Arrêt”ak direla; alegia, preso “prebentiboak” gordetzeko (sumarioa irekita eta epaiketaren zain daudenak). “Normalean” bataz besteko urte bat edo biko espetxealdietarako izan beharko lirateke espetxe hauek (epaituak izan arte), besteak beste eguneroko bizi baldintzak “kunplimenduzko” (edo zentralak) espetxeetan baino gogorragoak direlako… baina, euskal preso politikookin espresuki luzatzen digute “egoera probisional” zorrotz hau espetxealdia astuntzeko. Horrela, bost-sei edota urte gehiago “Maison d’Arrêt”ean egin duen euskal preso anitz dago. Adinduak garelako, baina baita espetxeetan denbora luzea (sarritan errekorrak!) daramagulako… “l’ancien” ezizena maiz entzuten dugu.

Euskal Preso Politikook “arriskutsuak” bezala katalogatuak gaude (DPS -edo DHR- moduan, Espainian “FIES” modukoak?) eta horrekin tratamendu “berezia” (zorrotzagoa) emateko erabiltzen dute. Kide batzuentzat gogorrenetarikoa, gauetan bi orduro ziegako argia piztu eta “oeilleton”etik (mirilla handi batetik) begiratzen dutela da (txotxoloaren putakeriaren arabera zarata dezente eginez).

Ondorioz, gutxiengoko normaltasunarekin lo egin ezinean, nekearekin, umorea eta osasun gora-behera potoloak ematen dira (espetxe batzuetan, guk Villefranche-sur-Saônen ezagutu bezala, oinaze -tortura- modu argian erabiltzen dute neurri hau azken muturrera eramanez).

Gaur egun eta hemen dakigula, Poitierseko kideak (batipat emakumezkoen espetxean) eta Fleuryko D3 batimenduan dituzte arazo bereziak… besteok (“ohituak” gaudela esan daiteke… nahiz eta esnatzeak, ezinbestean, gauero-gaueroko kontuak diren…)

Eguneroko “janaria” (plastikozko barketatxoetan banatzen dutena) hobetzeko, erosketak egiteko aukera daukagu “ekonomato” (garestimato!!) baten modukoan; “la cantine”. Honengatik izango ez balitz, nekez mantenduko genuke elikadura “normala” kirol aktibitateekin konpatiblea…

Gainontzeko espetxeetan bezala, noski, ziega aldaketak, miaketak edo espetxe aldaketak ere noiznahi egiten dizkigute… gehienetan erasotzeko asmo garbiarekin (abisatu gabe eta engainu maltzurrekin, modu txarretan, eta abar).
Mobilizapenak ere hilabeterokoak dira. Hilabeteko azken aurreko eta azken ostiraletan “enkarteladak” egiten ditugu patioan, preso gaixoen eta luzean bahiturik egondako kideen askatzea exijitzeko eta Euskal Preso Politikoon Euskal Herriratzea exijitzeko, bata eta bestean.

Horretaz gain, kideen aurkako erasoak, edozein presoren senideen istripuak… edo bestelako aldarrikapenak ditugunean ere borroka molde ezberdinak erabiltzen ditugu (kartelak, txapeoak, planteak, janari errefusak, baraualdiak…)
Gainontzeko presoek, arruntek, oso ondo ezagutzen gaituzte eta ohituak daude gure mobilizazioekin. Baita, zoritxarrez gehiegi, txakur-matoiak ere.

Presoon arteko harremanak (arrunt-politiko) oso onak izaten dira (normalean!), errespetu eta baita, esan beharra dago!, gurekiko miresmen puntu batekoak ere.

Euskal preso eta matoien arteko harremanak oso aldakorrak dira presondegien arabera eta baita ere matoien arabera.
Nik ezagututakoen artean, Villefranche-sur-Saônen jarrera erasokorra “norma” baldin bazen eta talka (matoien aldetik etengabeko probokazioekin) ia egunerokoak, Fleury “lasaiagoa” da, baina hemengo erraldoitasuna (beraz ez-personalizazioa) txotxolo batzuen gorrotoari gehitzen denean, harremana oso bortitza izan daiteke.

Orokorrean tentsio maila jakin bat iraunkorra da eta askotan (matoiak ezagutzen ditugunez “etortzen” ikusten ditugu) disparatu egiten da eta enfrentamenduak izaten ditugu.

Dena den, kartzela matoiekin ere, euskaldunok harreman “berezia” dugu… badakitelako gure jarrera “zuzena” izan arren -edo horretxegatik-, gure “marrak” defendatzeko determinatuak garela. Horren arabera, gorrotoa eta koherentzian “miresmen” sentimenduekin nabarmenki lehian agertzen zaizkigu sarritan txotxoloak gurekiko jarreretan.
Gehien faltan botatzen duguna herriko mobiden berriak izatea da. Zer egiten den, zer eztabaidatzen den… Orokorrean informazio eskasia izugarria daukagu (egunkarietakoa kenduta). Gainera, gehien interesatzen zaiguna tokian tokiko albisteak dira, auzo-herriko mobilizazioen irudiak (argazkiak), zuetako bakoitzak eman diezagukezuena, zuen iritzi eta ikuspuntu bereziarekin azaldutako gertaeren gora-beherak.

Beno, gaurkoz nahikoa honekin… baina galdera edo bestelako ekarpenik nahi izan ezkero… eskatu!

Gora Euskalerria Ta Askatasuna!

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s